Entrevistas

Txakalaldia Onditz Iturberekin

Onditz Iturbe Ekana Entrenamendu Pertsonalizatu Zentroan elkarrizketatua, txakalaldia KZK proiektuaren barnean

Etorkizuna ziurtatuta dagoela uste dut. Gero eta jende gehiagok, zorionez neska gazte eta emakumeek ere, kirola eta Jarduera Fisikoa eguneroko bizimoduaren zati garrantzitsu bihurtu dute.

Onditz Iturbe Arginzoniz

Nor da Onditz Iturbe Arginzoniz?

Jaioterria eta jaiotze eguna: 1991/04/12 (Igorre)

Profesioa: Bokazioz eta profesio moduan, Lehen Hezkuntzako irakaslea. Afizioz atleta, Trail Running kirolaria.

Palmaresa korrikalari moduan: Euskadiko Kross Txapelketetan lortutako txapelak: 2009 (junior), 2010 (junior), 2011 (promesa), 2013 (promesa).
2017an mendi lasterketa edo Trail Running mundua ezagutu zuen Gorbeia Suzieni esker eta 2019tik aurrera, kross denboraldia amaitzean, modalitate honetan murgiltzen da. Orain arte lortutako emaitzarik adierazgarrienak: 5. Gorbeia Suzien (2019), 1go Sorginen Lasterketa (2020), 6. Trail Costa Quebrada (Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketa, RFEA, 2021), 5. Mágina Skyrace (Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketa, FEDME, 2021), 1go EAF-k antolatutako Euskadiko Trail Running Txapelketan (2021), 1go Galdames Mendi Biran (2021), 1go Bastida Vital Trailen (2021).

 

Onditz Iturbe Ekana Entrenamendu Pertsonalizatu Zentroan elkarrizketatua, txakalaldia KZK proiektuaren barnean
Onditz Iturbe Sorginen Lasterketan, Trail Running

Korrikalari osoa zarela esan daiteke Onditz, fondoko distantzia eta modalitate ezberdinetan (pista, asfaltoa, cross-a edo trail-a) parte hartu eta lehiatu duen horietakoa. Hitz edo esaldi labur batez deskriba ezazu modalitate bakoitzak lehiatzerakoan transmititzen dizuna.
Edozein modalitatetan lehiatzen dudanean Berri Txarraken esaldi bat izan ohi dut buruan: “pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori”.
Edonola ere, zehatzagoa izan beharko banintz eta modalitate bakoitza abesti baten esaldiren batekin laburbildu beharko banu…
Pista: don’t think, just run.
Asfaltoa: ez dago mugarik, helmugak besterik.
Cross-a: oraina bizi, bihotzak eztanda egin arte.
Trail-a: alboratu izuak, beldurrak… zu zarena onartuz, gozatu!

 

Euskal Herri zein Espainia mailan lasterketa askotan parte hartu duzu. Zure orain arteko kirol bizitzan zein lasterketa azpimarratuko zenuke?
Ezinezkoa egiten zait lasterketa bakarra aukeratzea.
Lasterketa askotan parte hartu dut, batzuetan emaitza onak eskuratu ditut eta beste batzuetan akatsetatik ikastea tokatu zait, batzuetan egindakoarekin gustura bukatu dut eta beste batzuetan nire buruarekin haserre… Baina esperientzia guzti horiek, bidaiatzeko, jendea ezagutzeko, garapen pertsonalerako eta beste hainbat gauzetarako aukera eman didate.
Hori dela eta, lasterketa garrantzitsuak baino, arrazoi ezberdinengatik bereziak diren lasterketak ditut gogoan gordeta.

 

2021eko denboraldiko helburu nagusiari buruz gogoeta txiki bat.
Aurtengo denboraldia arraroa izaten ari da. Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna nagusi dira. Edonola ere, azken hilabete honetan, argi printza batzuk azaltzen hasi dira.
Hori dela eta, dena bere bidetik badoa, Gorbeia Suzien izango da 2021 denboraldiko erronka eta helburu nagusia.
Oraindik urruti samar dagoen arren, bagoaz pixkanaka prestaketa lanak bideratzen. Kontziente naiz prozesu honetan gorabeherak (fisikoak zein mentalak) izango ditudala, baina datorrenari aurre egiteko gogotsu nago.
Lasterketa gogorra bezain polita da. Niretzat berezia da oso… etxean eta etxekoekin! Hortaz, helmuga zeharkatu arteko bidea pausuz pausu gozatzeko prest nago… berezi denak, merezi!

Gorbeie Suzien en las Golden Series, preparación Trail Running Ekana Zentroa
Gorbeie Suzien, Trail Running.

Kirol maila honetara heltzeko jarraitu beharreko bidea gogorra izaten da entrenamendu mailan, gomendiorik edo zuri laguntzen dizun estrategiarik hurrengo bi kasuetan? Iraupen luzeko entrenamenduetan eta intentsitate handiko serieak egiterako orduan?
Nire ustez, bizitzako beste edozein esparrutan bezala, gozatzea da gakoa. Baina egia da beti ez dela erreza izaten. Badaude egunak fisikoki edo emozionalki ahulago zaudela eta entrenatzera irtetea ihesbidea izan beharrean, zama bihurtzen dela. Aitortu behar dut horrelakoetan burugogorra izateak asko laguntzen didala.
Musikak ere asko laguntzen nau. Entrenamendu edo lasterketetan ez dut musikarik entzuten, baina irten aurretik motibatzeko erabiltzen dut. Abesti batzuetako letrak entrenamendu ezberdinei aurre egiteko indarra ematen didate.
Iraupen luzeko entrenamenduetan (2h+): bide luzeena ere helmugaraino heltzen da.
Intentsitate handiko serieak egiterako orduan: buruak jakin ezin duena, bihotzak sentitzen daki.

Amaitzeko, Euskal Herriko Selekzioarekin lasterketa ezberdinetan parte hartutakoa zara. Erreferentzi moduan izan duzun kirolaririk? Atzetik datozenekin etorkizuna ziurtatuta dago?
Egia da bai atletismo munduan baita mendi lasterketetan nire inguruan gertatzen denaz enteratuta egotea gustatzen zaidala, baina ez naiz idolo eta antzekoak dituen horietakoa. Are gehiago, egunerokotasunean alboan dudan jendea dut erreferentziatzat, nahiz eta batzuk korrika munduan murgilduta ez dauden.
Etorkizuna ziurtatuta dagoela uste dut. Gero eta jende gehiagok, zorionez neska gazte eta emakumeek ere, kirola eguneroko bizimoduaren zati garrantzitsu bihurtu dute. Ondorioz, parte-hartzea handitu ez ezik, maila edo kalitatea ere hobetu da, gero eta prestatuago baitatoz.
Gainera, zentzu honetan, Euskal Selekzioak ekarpen handia egiten dio kirolari. Kirolariontzat motibazio iturri izateaz gain, gure nazioa gure mugetatik haratago zabaltzeko bidea ere bada.

 

Txakalaldiak indarrez gainditzen dituen emakumea da Onditz, bere lana, bai profesioz eta bai afizioz, gogotsu betetzen duen horietakoa, kirola maite duena. Aurten bere izaerak eta ilusioak bat egingo dute Arratiko punturik altuenean, gogor Onditz zure erronketan!

Conoce la dimensión

¿Quieres participar en nuestros eventos?